Ni poeta kaxkar bat naiz Eta kolore urdinez Eskribitzen dut gauez Desio irristakorrak Itsuturik doaz ihes Gauaren lehize zulora Mundua azpikoz gora Dena jartzen dut aldrebes Zure lurralde oparoak Ikusmiratzen dut begiz Gauaren zirrikutik zelatan Eta haragiz koloreztatzen. Zure gorputzaren figura Irudimenaren ispiluan, Zure sabel borobilaren Maldan behera amilduz. Zure lurralde zabalak Indarrez goldetuz Denbora joanen herdoilak Akestutako zure desioak Zorrozten ditu, zorrozten ditu Eta zorion hazia botatzen Etorkizun lainotuaren tartean Oraingo esperantza murriztuaren hildoa luzatuz. Nahiaren uholdeek Bortizki astintzen naute Ilunaren tintontzian Ustutzen ditudan arte. Ametsak gordintzen ditut Gau grinatsuaren labean Eta gero, eta gero, eta gero, Isiltasun hezetuaren arnasa Ezinaren eskaparatean Gandutzen da doi-doi. Azkenik, isiltasun bustiaren Oihartzun mutua Bilutxik gelditzen da Gau ilunaren apalean. Eta nik, eta nik, eta nik, Azpildurak josten dizkiot Loak hartu arte. Ni poeta kaxkar bat Eta kolore urdinez Eskribitzen dut gauez