Izarren hautsa denbora zehar bilakatu zen bizigai, Materiaren ordenamenduz noizpait ginen handik ernai. Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera Atsedenik hartu gabe: lanaren bidez goaz aurrera Kate horretan denok batera lurrari loturik gaude. Gizonak du ingurune bat menperatzeko premia, Borroka hortan bizi da eta hori du bere egia. Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu, Arauak eta argia; bide berria noizbait aurkitu Bizi lege noizpait erditu, hortan jokatuz bizia. Gizonen lana jakintza dugu: ezagutuz aldatzea, Naturarekin bat izan eta harremanentan sartzea. Eta indarrak sakon errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz, Bertatikan irautea: ezaren gudaz baietza sortuz, Ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea. Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, Heriotzaren ukazioan diren ardaska gazteak. Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz Ibiltzen joanen direnak: gertakizunen indar ta argiz Gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak. Eta ametsa bilakaturik egiaren antziduri Herri zahar batek bide berritik ekingo dio urduri; Guztian lana guztien esku jasoko dugu zuzen ta prestu, Beren bizitzen edargai; diru zakarrak bihotzik eztu, Lotuko dugu gogor ta hestu haz ez dedin gizonen gain.